Ilusioak eta lan egiteko gogoak bultzatuta
Lan egiteko gogoak bultzatuta bertaratu ziren atzo Donostiako Kursaal Jauregira 713 hautetsi, larunbat goizeko nagiak alde batera utzita. Amaieran, hautetsietako batek bilkuraren espiritua laburbildu zuen: «Hemen herria sentitzen da» .
Amaia UGARTE
Goizeko bederatzi eta erdietarako jarria zuten Udalbiltzaren aldeko hautetsiek hitzordua eta, hogei minutu lehenago, Kursaal Jauregiaren inguruko kafetegi eta tabernetan nabari zen ohikoa baino mugimendu handiagoa, hautetsi ugarik bertan egin baitzuen eguneko lehen otordua.
Kursaaleko kubo handian, bitartean, auditoriorako bidea hartua zuten goiztar iritsi ziren zinegotzi eta alkateek, akredita- zioa hartu ostean. Azken minutuak harrera gunean agortu zituzten beste batzuek, berriketan edota lagunak agurtzen. Dantzariek, eskaileretan osatutako pasabide baten bidez, eta txistulariek egin zieten ongietorria guztiei, baita gonbidatu gisa hurbildu ziren gizarteko hainbat alorretako eragileei ere.
Kursaalen izan ziren, besteak beste, Martxel Toledo eta Endika Guarrotxena ESAITeko kideak, Mertxe Aizpurua GARAko zuzendaria, Jon Mitxelena eta Jon Albisu EKHME Euskal Herriko Metereologoen Elkarteko kideak, Euskal Herriko Surf Federazioko bi kide, Wu Shu Federazioko Patxi Marta, UEUko Xabier Isasi, LABeko Rafa Izquierdo eta Txomin Lorca, Gironatik heldutako zazpi zinegotzi eta EHko Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Pernando Barrena, Karmele Aierbe eta Koldo Gorostiaga europarlamentarioa, beste batzuen artean.
Ekitaldia hasi aurretik, Jose Enrique Miranda, Zendea-Zizurko Erreniega hautagaitza independenteko zinegotzia, ilusioz mintzatu zen. «Udalbiltza berriro abian jartzeko zerbait egin behar dela uste dudalako etorri naiz, bere burua Zuzendaritza Kontseilu izendatu zuenak prozesu guztia geldiaraztea erabaki duelako, Euskalduna Jauregian erabaki genuenaren aurka». Bere esanetan, «hemendik Udalbiltzaren funtzionamendua martxan jarri behar da, funtzionamendu demokratikoa, alderdi politikoek prozesua geldi ez dezaten. Hau hautetsien mugimendua da, eta alderdi politikoek errespetatu egin behar dituzte hautetsiak. Nire kasuan, hautagaitza independente baten ordezkari naizenez, gehiago sentitzen dut Jon Jauregiren alderdia gai honekin egiten ari den erabilera».
Bederatzi eta erdietarako bertaratutako gehienak bere eserlekuetan zeuden, baina batzarra ordu laurdenez edo atzeratu egin behar izan zen, izan ere Guardia Zibilak kontrolak ezarri baitzituen Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan eta Donostiarako sarbideetan, baita Lasarten autobus bat geldiarazi ere. Batzarrean gonbidatu gisa izan zen nafar batek umorez esan zuenez, «EAJ eta EAko zinegotzirik ez dela etorriko ziurtatu nahiko zuten».
Oztopoak oztopo, hamarrak izateko hamar minutu falta zirela, bi dantzarik dantzatutako agurrak eman zion hasiera bilkurari. Jarraian, Ińaki Olalde, Aguraingo EHko zinegotziak hitza hartu eta batzarra 1999ko irailean Bilbon hasitako bidearen jarraipena zela adierazi zuen. «Garai zailak» bizi ditugula gogora ekarri eta «alde guztietako sofrikarioek irtenbidea» eskatzen dutela gehitu ondoren, gatazkaren behin betiko konponbidea lurraldetasuna eta burujabetzan daudela nabarmendu zuen. «Udalbiltzaren garapenetik gaindituko dira oinazeak», esan zuen.
Xabier Alegria gogoan
Olaldek Soto del Realen preso dagoen Udalbiltzako Iraunkorreko Xabier Alegria ere gogoan izan zuen sarrerako hitzaldian. Gerora, batzarrean zehar, behin baino gehiagotan aipatu zuten hautetsiek Alegriaren hutsunea.
Eszenatokia dotore jantzia zegoen okasiorako. Mahai luze bat, aurrean bi lore sorta eta atzean ikurrina, bi alboetan sei herrialdeetako banderak zituela. Mahaian zortzi aulki, hasiera batean Olalde bera, Loren Arkotxa eta Camino Mendiluze, Euskalduna Jauregiko asanblean hautatu zen Iraunkorreko kideek okupatuta. Olalderen deiari jarraiki, banan-banan igo ziren oholtzara, txalo artean, azken lau hilabeteotan Udalbiltza suspertu nahian lanean jardun duten kideak: Maribi Ugarteburu, Amorotoko alkate independentea; Xarlo Etxezaharreta, Hazparneko hautetsia; Oskar Gońi, Berako zinegotzia; Eider Casanova, Barakaldoko zinegotzia, eta Miguel Mari Irigoien, Etxalarko alkatea.
Maribi Ugarteburuk egin zituen gidari lanak batzarrean zehar, baita ederki egin ere, nahiz eta bozketen garaian bere buruarekin ahaztu zen hasiera batean.
Loren Arkotxa Ondarroako alkateak Sinn Fein alderdi irlandar errepublikarrak igorritako agurra irakurri zuen, Udalbiltzak lurralde batasunerako duen garrantzia nabarmenduz. Izan ere, irlandarrok, zioen nazioarteko harremanetarako zuzendariak sinatutako idatziak, «badakigu zer den lurralde zatiketa».
Egon behar luketen guztiak egotea
11.30ak aldera atsedena egin zen. Berriz ere harrera gelan, lan egiteko gogoa nabari zen hautetsien artean. Jose Enrique Mirandak bezala, ilusioa aipatzen zuen Joseba Garmendia Urretxuko EHko zinegotziak, «baina hori ez da nahikoa, konpromisoa eta lanerako gogoa ere behar dira, eta hautetsiok badugu zer egin eta zer esatekorik», zioen. Asanblea «hotz» hasi zela uste zuen Garmendiak, «700 lagunen artean zaila delako hitz egitea, baina berotzen joan da eta mamia ikustean, jendea beste gorputzaldi batekin ateratzen da».
Amurrioko Aitor Garatek ere jendea «animoso» joan zela zioen, «lan sakona egin dutelako gure kideek». Nolanahi ere, «momentuz gaudenok gaudela» eta helburua «egon beharko genukeen guztiok egotea» litzatekeela nabarmendu zuen.
Robert Arranbide hendaiarrak «giro euskalduna eta jatorra» topatu zituen Kursaalen. «Herria sentitzen da hemen eta gogoz etortzen naiz horrelako bilkuretara», esan zuen Abertzaleen Batasuneko kideak. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan aurki egingo diren hauteskundeetan «hautetsi abertzaleak gehiago izanen direla» ez zuen zalantzarik, «baina arazoa da nola lotu hautetsiak Udalbiltzarekin, hori da gure helburu nagusia».
Etenaren ostean batzarrak aurrera egin zuen, eta, ordu bata jotzeko zela amaitu zen, bildutako guztiak zutik, hiru abesbatzek Nafarroako Gorteetako ereserkia abesten zuten bitartean. *